XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Askotan, indar eta ahalegin izugarriak egiten dituzte eta, horren ondorioz, pita eten egiten da, edo amua askatu.

Kontuz halakoetan!

Atunak tiratzean izan duen indar berberaz egiten du amuak kontrara.

Eta, ai, amu horrek baten bat bere bidean topatuz gero!

Martxelori horixe gertatu zitzaion.

Behin, hegaluzeak amua ahotik askatu zuen.

Orduan, amua airean bueltan etorri zen eta, zoritxarrez, burdin zorrotz hark begian jo zuen gizona.

Ondoren gertatu zena esan beharrik ere ez dago.

Begi-globoa zeruaren eta itsasoaren urdin koloreko geratu zitzaion eta ikusmena galdu zuen.

Gure itsas portuetan txitean-pitean ikusten dira begiren bateko ikusmena hala galdu duten gizonak.

Bada, halako ezbehar batean begia galdu zuen gizon hark, Martxelok, 1937ko martxoaren lehen egunetan Matxitxako aurrean izan zen itsas guduan parte hartu zuenean.

Nabarra izeneko itsasuntzian zegoen.

Noski, Martxeloren izena ez da inongo zerrendetan ageri izan, ez bizirik irten zirenen artean gutxi batzuk izan ziren, ezta hil zirenen artean ere gehienak izan ziren.

Inork ez zuen jakin behar bera han zegoenik, ezta bere misioaren berririk ere.

Nola emango zuten haren berri, bada, ofizialki guda hartan parte hartu ez bazuen?

Azkenean, Nabarra boua hondora joan zen.

Eta Martxelo?

Galdera horri erantzuten saiatu aurretik, komenigarria litzateke bou hitzaren esangura argitzea.

Bou izena ematen zaie arrastean eta lanean binaka ibiltzen diren arrantzuntziei.

Hala ere, hemen aipatzen diren lau bouak bereziak dira.

Bou horiek, 1936ko gerratea hasi zenean, zenbait kanoi eta metrailadoraz hornituriko gerrauntziak izan ziren.

Itsas gudu hartan hondora joan zen Nabarra izeneko boua, lehen esan dugun legez, eta Martxelo hildakotzat eman zuten.

Horrexegatik esaten zuten gurean ito egin zela.

Dena dela, koadernotxoa ez zen galdu, eta horrek ere zerbait pentsarazten dit.

Bizirik iraun ote zuen gizon hark?

Koadernoko oharretan duzu erantzuna, liburu honetako azken ataletan, hain zuzen.

Oharren arabera, baietz esan dezakegu.

Areago, Martxelo Londonera joan zelakoan nago (...)